Web edukia bistaratu

Zer da

Gure jendartean egun nagusi den sistema sozioekonomikoa krisialdian dago. Munduko aditu eta zientzilari ugarik bat egiten dute esatean orain arte aritu garen bezala ezin dugula denbora luzean jarraitu.

  • Natura baliabideak agortzen ari dira mugarik gabeko desarrollismoa bultzatzen ari garelako
  • Sektore askotan -zaintzan eta zerbitzuetan, besteak beste- langileen lan-baldintzak kaskarrak dira. Eta sektore horietako langile gehienak emakumezkoak dira.
  • Maiz, diru publikoa inbertitzeko garaian pisu handia dauka etekin ekonomikoak. Herritar gehienen bizimodua hobetzea edota ingurumena errespetatzea bigarren mailakoak dira, ekonomikoki errentagarriak ez direlako.

Horren guztiaren ondorioz, aberastasuna ez dago behar bezala banatuta eta jendartean dagoen desoreka etengabe handitzen ari da. COVID-19ak sortutako pandemiak agerian utzi ditu lehendik zeuden desoreka horiek eta, gainera, egoera bidegabe hori oraindik gehiago larritu du. Eta, etorkizunean, larriagoa izango da, ezer egiten ez badugu.

Honen aurrean, zer egin dezakegu?

Gutako bakoitzak hori aldatzeko erantzukizuna daukagu, eta herri bezala, gure esku dagoen maila lokaletik, erantzun bat ematea dagokigu. Injustizia horren aurrean ez gara besoak gurutzatuta geldituko.

"Hernanik badu esperientzia, borondatea eta gaitasuna erronka horri erantzuteko".

Erronka handiak ditugu aurrean baina, herri bezala, guri dagokigun alea jartzeko prest gaude.

Erronkak

  • Energia modu jasangarriago batean kontsumitzeko erronka.
  • Zaintza sistema duin bat eraikitzeko erronka.
  • Pobrezia eta bazterketa soziala murrizteko erronka.
  • Tokiko ekoizleak, merkatariak eta produktuak sustatzeko erronka.
  • Teknologia baliabideak -gero eta beharrezkoagoak- guztion eskura egotea bermatzeko erronka; berdin dio zein adin dugun edo non bizi garen.

Nola lortuko ditugu horiek guztiak?

Erronka horiek guztiak lortzeko gure proposamena da Hernani Burujabe herri proiektua osatzea eta mamitzea.

Gure bizitzan beharrezkoak ditugun arlo nagusietan subiranotasunerantz joatea da Hernani Burujaberen xedea. Ahal dugun neurrian, kanpoko multinazionalekiko -elikagaienak, energiarenak, finantzarioak...- dugun menpekotasuna murriztea. Hori lortzeko gakoa da tokiko ekoizpenaren alde egitea. Berreskuratu dezagun gure baliabideen gaineko kontrola!

Udalak proposatutako egitasmoa da, baina Udala triangeluaren alde bat baino ez da izango. Herria -komunitatea- eta ehun ekonomikoa -tokiko enpresak, ekintzaileak eta kooperatibak- dira triangeluaren beste bi aldeak. Hiru hankak dira funtsezkoak Hernani Burujaberen proiektua gauzatzeko.

 

Grafikoa

Egiteko forma berri bat da, etorkizuna ilun margotzen diguten garaiotan, denon artean, inor atzean utzi gabe, argi izpia jartzeko bide orri bat

Trantsizioa

Egungo egoeratik nahi dugun egoera horretara iristeko aldaketa asko eta sakonak egin behar ditugu. Ez dugu lortuko egun batetik bestera, baina gure eguneroko bizitzan eta ekintzetan erakutsi behar dugu gure konpromisoa. Eta Hernani horretarako gai da, konformatzen ez den herria garela erakutsi dugu askotan, sinesten duenaren alde borrokatzen duen herria gara.

Egoera berri horretarako trantsizioan ahalik eta hernaniar gehienon inplikazioa eta konpromiso pertsonala ezinbestekoak dira.

Eman pausua